Atena Nikeren tenplua (antzinako grezieraz: Ναός Αθηνάς Νίκης), edo Athena Garailea (Αθηνάς Νίκης), pertsiarren kontrako Salaminako gudua (K.a. 480) ospatzeko eraikia izan zen. Atenasko Akropolian eraikitzeko ideia K. a. 449. urtean eman zen, pertsiarrekin bakea lortu ondoren (Kaliasen bakea). Hala ere, Pericles eraikuntzaren aurka agertu zen eta lanak ez ziren K.a.ko 421 urtera arte hasi, ordurako Peloponesoko Gerra (K.a.431-404) hasita zegoela.
Proiektuaren burua Kalikrates (Καλλικράτης), arkitektoa izan zen, Partenoiko eraikuntzan ere parte hartu izan zuena.
Barruan xoanon irudi bat egon zen, hots, Atena pertsonifikatua, Nike gisa, hegodun jainkosa, itsas garaipenen ikurra. Baina tenplua ez zegoen ospakizun handiak egiteko prestatuta, horregatik aurre aldean aldare bat jarri zuten, kanpoan zeremoniak ospatu ahal izateko.
Tenplua gaur egun, jatorrizko erara berreraikia izan da baina frontoi, entablamendu eta estalkiaren zati batzuk galdu ditu.
Tenpluak altxaeran 8 metroko garaiera du. Zutabeak jonikoak eta haitzurdinezkoak dira. Arkitrabeak hiru banda ditu, friso jarraia eta erlaitza. Bukatzeko frontoiak Atenaren omenez egindakoak dira.
Oinplanoa, neurri txikikoa bera, anfiprostilo-tetrastilo bati dagokiona da. Bertan aurreko aldea (pronao) eta atzekoa (opistodomos) portiko txiki bihurtzen dira. Cella , edo "jainkosaren aretoa", laukia da (4 x 4 metro), tenplu oso txikia beraz, giza neurrikoa eta proportzio harmoniatsuekin. Neurri horiek guztiak, txikiak izan arren, matematikoki eginak izan ziren, lerdentasun itxura emateko asmotan. Marie-Christine Hellmann arkeologo frantsesaren esanetan, neurri hauen arrazoia leku gutxi izatean datza.
Tenpluaren frisoan zera ageri daː Atena, Zeus eta Poseidon atenastarrei laguntza ematen. Zalantza gabe hau hiritarren adorea pizteko saiakera bat izan zen, garai hartan Peleponesko Gudan zeudelako eta izan ere guda hori galdu egingo zuten.