Hermitage Museoa, Errusiako San Petersburgo hirian kokatuta dagoen museoa da. Mundu osoko pinakoteka eta bildumarik garrantzitsuenetarikoa da. Izenaren etimoa Эрмитаж da, errusieraz baseliza esan nahi duena. Neva ibaiaren ertzetan kokatuta dagoen eraikin multzo batean dago eraikita museoa. Eraikin multzo honetan erakusgarriena Neguko Jauregia delakoa da, tsarren egoitza nagusia. Beste bost eraikinek osatzen dute gunea, eta horien artean nabarmenenak Menshikov Jauregia, Estatu Nagusiaren Eraikina eta biltegi-gune bat dira. Museoa hainbat bilduma pribatuk osatzen dute eta 1917. urtera arte ez zen Estatu Museo izendatu.
Hiru milioi piezek osatzen dute bilduma, eta erromatar garaiko zein garai grekoko artelanak ditu. Horrez gain, pieza arkeologikoak, arte errusiarra, armak, bitxiak, sortaldeko arte bildumak etab. ditu. Mundu mailako pinakotekarik osoenetarikoa da, Londreseko British Museum, National Gallery edo Parisko Louvrerekin batera.